25/10/19

Andoni Arrizabalaga ondarrutarra heriotzara kondenatu zutenekoa

Artículo de Nerea Bedialauneta Alkorta aparecido el 2310/2019 en Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.

Burgosko auzi ezagunaren aurrekaria izango zenean epaitu zituzten Andoni Bedialauneta, Jose Ignacio Uribe, Jesus Mari Aramaio eta Iñaki Garcia. Auzi berean epaitu zuten Andoni Arrizabalaga 'Itziarren semea' ere.

Mende erdi igaro da Burgosko Auzitegi Militarrak bost gazte ondarrutar epaitu zituztela. Hain zuzen ere, 1969ko urriaren 27an epaitu zuten 28-69 deritzon sumarioaren barruan Andoni Arrizabalaga Basterretxea Itziarren semea (Ondarroa, 1941-Couloir, Mont Blanc, Frantzia, 1984). Harekin batera auzipetuen aulkian eserita egon ziren Andoni Bedialauneta Laka Xare, Iñaki Garcia Aranbarri, Jesus Mari Aramaio Etxaburu eta Jose Ignacio Uribe Burgoa ere.
Ondarrutarren aurkako epaiketa militarra, hain zuzen, Burgosko auzi ezagunaren aurrekaria izan zen. Burgosko prozesua baino 14 hilabete lehenago heriotzara kondenatu zuten Andoni Arrizabalaga, eta gainontzeko auzipetuentzako ere espetxe zigor eskaerak egin zituzten.
Epaiketa baina, ezin daiteke ulertu testuinguru sozio-politikoan kokatu barik. 1960ko hamarkada oso bizia eta iraultzailea izan zen Euskal Herrian. Ondarroan, bereziki, mugimendu politiko oso indartsua sortu zen. Hamarkadaren bukaera aldera, gainera, isilpeko ekintza politikoak ugaritzen hasi ziren. Besteren artean, ETAk euskal herriko hainbat tokitan hamabi lehergailu ipintzea erabaki zuen, eta kanpaina horren barruan kokatuta, Ondarroako udaltzainen ibilgailuari lehergailu bat ipini zioten auzipetuetako batzuek.
Lehergailua, zehatz esanda, 1969ko apirilaren 3an ipini zuten, 21:45ak aldera. Musika Plazako eztandak kalte material gutxi batzuk eragin zituen, ezta kalte pertsonalik ere. Gertaera hura auzipetuak kondenatzeko nahikoa izan zen. Eta Arrizabalaga ordurako atxilotuta bazegoen ere, ekintza zuzentzea leporatu zioten.
Deklaratzen hasi orduko, eta tribunaleko presidentearen ohiuei jaramon egin barik, euskaraz berbetan jaraitu zuen Andoni Arrizabalagak. Tribunal hau ez dut onartzen, ni bakarrik herriak juzgatuko nau. Nire burua asko maite dut, baina gehiago maite dut nire herria, ozen esan zuen
Dozena erdi militarren aurrean epaitu zituzten, eta estrategia modura tribunala salatu eta hari aurre egitea erabaki zuten abokatuekin batera. “Defendatzeko aukerarik ez genuenez, tribunalari aurre egitea erabaki genuen. 12 urtetik beherako eskaerak zituztenen kasuan epaiketa egitea erabaki genuen, baina 12 urtetik gorakoen kasuan, eta Franco hainbeste ez zela biziko iritzita, lege errepresiboa salatuz defentsari uko egitea erabaki genuen”.
Tentsio handiko uneak bizi izan zituzten epaiketan. Banaka-banaka deitu zituzten, baina Arrizabalagaren txanda heldu zenean, zutundu eta euskaraz zuzendu zitzaien militarrei. Deklaratzen hasi orduko, eta tribunaleko presidentearen oihuei jaramonik egin barik, euskaraz berbetan jarraitu zuen. Tribunal hau ez dut onartzen, ni bakarrik herriak juzgatuko nau. Nire burua asko maite dut, baina gehiago maite dut nire herria, ozen esan zuen Arrizabalagak. Hitz egiteari uzten ez zioenez, gelatik aterarazi zuten Arrizabalaga, Bedialaunetagaz eta Garciagaz batera.

Arrizabalaga, Bedialauneta eta Garcia, Amnistiatu zituzten egunean, Ondarroan. 
Argazkia: Iñaki Garciak utzitakoa
Defentsarik barik kondenatu zituzten. Epaiketak oihartzun handia eduki zuen. Mobilizazio ugari egon ziren Euskal Herrian, baita euskal mugetatik kanpo ere. Nazioartean sorrarazitako presioari esker, heriotza zigorra kommutatu egin zioten Arrizabalagari. 30 urtetara kondenatu zuten. Bedialauneta eta Garciari, berriz, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Aramaio eta Uribe, ostera, absolbitu egin zituzten. Arrizabalaga, Bedialauneta eta Garcia espetxeratu egin zituen, eta hainbat kartzelatan egon ziren harik eta 1977an amnistiatu zituztenera arte.
Urteurrena gogoan. Andoni Arrizabalagaren etxeko eta lagunek epaiketaren urteurrena gogoratzeko ekitaldia antolatu dute domeka [urriak 27] eguerdirako. Duela 50 urte gertatutakoa jendeari jakitera emateko, Alamedan erakusketa egingo dute. Bost panel ikusteko aukera egongo da. “Orduko gertaera ezagutzera ematen duten hainbat dokumentu eta argazki ipiniko ditugu ikusgai. Andoniren argazkiak, eta kartzelan egondako lagunekin ateratako argazkiak egongo dira ikusgai. Baita hark idatzitako bertso batzuk ere”.

ver Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.