30/3/05

Debako EBk Sasiolako asfalto plantaren arriskuak salatu ditu

Besteak beste Arnoko kantauriar artadia eta Astigarrabia auzoa kaltetuko lituzkeela adierazi du Garcia Aranbarrik

Debako Ezker Batuak Sasiola egin nahi den asfalto plantak eragingo dituen arriskuak salatu ditu. Gipuzkoako Diputazioak proiektuarekiko izandako jarrera ere kritikatu du.Debako Ezker Batuako ordezkari Iñaki Garcia Aranbarrik Sasiolan eraiki nahi duten asfalto plantak, besteak beste, Arno mendiko kantauriar artadiak arriskuan jarriko dituelasalatu du. «Artadi horiek komunitatearentzat garrantzizko gune izendatuak daude», esan du. Ezker Batuako ordezkariak Sasiolako asfalto plantak ingurunerako kaltegarria eta arriskutsua den aktibitatea beteko duela adierazi du. «Artzabal eta Casa Campoko padurak oso hurbil gelditzen dira, eta are larriagoa da Astigarrabia auzoaren hurbiltasuna. Izan ere, Mutrikuko auzotik 500 metro eskasera eraikiko dute asfalto planta», azaldu du.
Gainera, Gipuzkoako Diputazioko Garapen Jasangarrirako Departamenduak izandako jarrera ere kritikatu du. Aranbarriren eskaeraz, Debako Udalak proiektuaren dokumentazio guztia Diputaziora bidali zuten. Diputazioak dokumentazioa itzuli du, proiektuak ingurumenaren gaineko eragin txostenik ez duela behar argudiatuz. «Udalak Diputazioari aurkeztutako eskaeran, proiektuari aplikatzeko eskatu dioten legea ez da zuzena izan. Hirigintzarekin erlazioa duen proiektu bezala aurkeztu dute, eta hori da Diputazioaren erantzunaren oinarria. Baina legearen arabera, asfalto plantek ingurumenaren gaineko eraginen txosten indibidualizatua izan behar dute», azaldu du Aranbarrik.

KONTRATO ARRAZOIAK
2002ko proiektua izan arren, Ezker Batuak Udalean sartu arte ez zuen proiektuaren berri izan. 2004ko ekainean izan zuen Aranbarrik asfalto plantaren proiektuaren berri, eta Ezker Batuako ordezkari bezala, «planta horiek sortzen duten kutsadura maila altua dela eta», aurka dagoela erakutsi du Debako Udalean egindako Osoko Bilkuran. Aranbarrik adierazi duenez, aurretik zenbait herritarrek maila pertsonalean proiektuaren inguruko alegazioak aurkeztu zituzten Diputazioan, baina gutxietsiak izan ziren.
Aranbarrik asfalto planta eraikitzearen aurka egoteko arrazoiak azaldu ditu. «Aurrez aipatutako inguruetan izango dituen ondorio kaltegarriez gain, hasiera batean autopistatik 50 metro baino gutxiagora egin nahi zuten, eta hori guzti ilegala da. Orain 200 metrora egingo omen dute», adierazi du.
Gainera, Aranbarriren esanetan planta eraikiko duten lursaisailetik Debako hiri-erdigunera ez daude legeak agintzen dituen 2 kilometroak. «Legeak agindutako distantziak ez errespetatzeaz gain, herritarrren osasuna ere ez dute errespetatzen. Izan ere, horrelako planta bat martxan jartzeak zaborrak errausteko planta batek sortzen dituen emisio kaltegarri berdin-berdinak botatzen ditu atmosferara, guk arnasteko», azpimarratu nahi izan du.


AURREKARIAK: IGOLLOKO ASFALTO PLANTA
Asfalto plantek auzi ugari sortu izan dituzte Udalaren eta bizilagunen artean. Joan den urtean Kantabriako Igollo herrian eraikitako planta da auzi horien adibide garbia.2003an Igolloko Santa Eulalia auzoko bizilagunek, Ekologistak Martxan taldearekin batera, Igolloko asfalto planta auzitara eraman zuten «bertako aktibitatea bizilagunentzat arrsikutsua eta osasunarentzat kaltegarria» zelako. Santanderreko administrazio auzietarako lehenengo epaitegiak Camargoko Udala eta Canteras La Verde S.A. enpresa asfalto planta botatzera zigortu zituen. Sententzian jasotzen zenaren arabera, asfalto plantak «ez zuen osasungintzako inolako txostenik» eta ezta «ingurugiroaren gaineko eraginen txosten egokirik» ere. 2003ko abuztuaren 3an Kantabriako El diaro Montanesen agertutakoaren arabera, Santa Eulalia auzoko bizilagunek behin eta berriro jo zuten udaletxera proiektua gelditzeko eskatuz. Hala ere, Udalak bizilagunen eskaerei entzungor eginez 2002an planta erikitzeko baimena eman zuen.

LEGEZ KANPO
Santanderreko lehenengo epaitegiak Igolloko asfalto plantak legea ez zuela errespetatzen (horren arabera, hiri-erdigunetik 2.000 metrora egon behar dute horrelako eraikinek), eta Udalak emandako baimena baliogabea zela erabaki zuen.
Camargoko Udalak eta Canteras La Verde S.Ak errekurtsoa aurkeztu zuten Kantabriako administrazio auzietarako epaitegi gorenean. 2004ko otsailaren 4an epaitegi gorenak 2003ko sententziarekin bat zetorrela erabaki zuen, eta bi hilabeteko epea ematen zion enpresari asfalto planta botatzeko. David Torre bizilagunen ordezkariak El diario Montanes egunkarian erabakiaren garrantzia azpimarratu zuen.

publicado en Hitza. Lea Artibai. Mutriku. 30/03/05

No hay comentarios: