Orioko EA, Ezker Batua, Aralar eta Ezker Abertzaleak gogorarazi nahi dio herriari, eta batez ere PNV eta alkateari, herria gehiago dela autopistako irteera, arraun eta piraguismo zentroa, bariantea eta Done Jakue bidearen interpretazio zentroa baino.
Orio herritarrok osatzen dugu, eta udaletxean aurrekontua egiteko, eta gainontzeko lanetan ere, herritarren ordezkariok eskubidea dugu hartzen diren erabaki guztietan parte hartzeko, eskubidea eta betebeharra.
Hori dela eta gure proposamenak mahai gainean dituzuela gogorarazi nahi dizuegu. Herriaren zerbitzuak hobetzeko asmoz, modu ezberdinean pentsatzen dugun alderdiok, ida-tzi hau sinatzen dugunok hain zuzen, gai izan gara eztabaidatu eta adosteko. Betiere prest elkarlanean jarduteko eta negoziatzeko. Zain gaude zuekin eseri eta 2010eko aurrekontuak lantzeko.
Ez ditugu ulertzen alkatearen eta PNVren gureganako errespetu falta horiek; batzorde batzuetara ez etortzea, negoziatu nahi ez izatea eta azken idatzian eginiko hainbat eta hainbat adierazpen; besteak beste, zuek ere negoziatu eta adostutako bi etxebizitzen aipamena (dirutan jaso beharrean, bi etxeren jabetza lortzea herriarentzat).
Orio beti dago bogan. Zoritxarrez, batzuek nahi duten norabidea soilik eraman behar badu, itsasoan barrena galduta gera daiteke. Herritar guztien parte-hartzea bermatzen bada, ordea, portu askotan gelditzeko aukera izango du, modu orekatuan mantenduz eta bidaiatuz, indartuz eta hobetuz.
Izan ere diruak bakarrik ez baitu herria egiten. Nahiz eta diruak laguntzen duen, herria herritarrok egiten dugu, eta alkatearen meritutzat jotzen dituzuen diru sarrera horiek Udalaren gehiengoak onartutako proiektuek eragindako diru laguntzen eta elkarlanaren ondorio dira. Gainera, diru sarrerak gehiago izan zitezkeen, eta izan litezke, gure proposamenak ere onartuko balira.
Horregatik, jakizue oposizioak elkarlanean jarraitzen dugula, eta Orioko esparru ezberdinak hobetzeko asmoz gure esku dagoen guztia eginez segituko dugula.
Bixente Lasa, Iñaki Garcia, Iñaki Iturain, Karmele Belasko, Joseba Goiburu eta Leire Zinkunegi
1 comentario:
Publicar un comentario